XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Horrek beharbada zerbait salduko dizue.

Kortesia handiz hurbildu zitzaizkigun gu geundeneraino.

- Zerrikume bat salduko al zenigukete? Merienda bat egin behar dugu, eta horretarakoxe gogoa dugu.

Joakinek irribarre egiten zuela igarri nion, haiei begiratzeak barregurrea emango balio bezala.

- Zatozte hemendik. Ia atsegin duzuenen bat aurkitzen duzuen.

Konfiantza gehiago hartu zuten, eta lasai sartu ziren.

Joakinek ateko zakur bat zuen ia urtebete zeramana, eta haserre irten zuen zaunka, hainbesteraino ze segundu batzutan atzera eragin bait zien denei.

Baina Joakinek baretu zuen, erantsi zion uhala katearekin, eta bere ondoan eutsi zion.

Arrotzek jakinminez begiratzen zituzten ikuiluak eta abereak.

Joakinek umaldi pare bat zuen, eta oraindik saltzeko aste batzuk falta bazituzten ere, bat edo beste kentzea ez zitzaion inporta.

Gizonak begiratuz joan ziren, begitxoak pizturik, aurrean agertzen zitzaiena laudatuz.

Azkenik zerri kozkor bat aukeratu zuten, beren artean eztabaidatu ondoren, hasieratik ikusten zitzaien umore onaren parte bat balitz bezala.

Joakinek ez zuen salneurria eztabaidatu, eta heldurik atariraino atera zuen.

Orduan libre utzi zuen eta gizonetako batek erabakia zutena ordaindu zuen.

Haietako bik zerritxoari heltzeko keinua egin zuten, alde batetik bestera ihes egiten bait zien.

Orduan esan zien Joakinek, arazoa gehiegi inportako ez balitzaio bezala: - Orduan bukatu duzue dorre horretako obra? Ongi geratuko zen?.

- Gurea egina dago. Kosta da, baina denak du bere bukaera.